XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

(...) erdi zuri-berde (etxeko selekzioaren koloreak).

Irlandako berde-zuri-laranja ez da inon ageri.

Futbol zale ia guztiek daramate bufanda.

Union Jack-aren koloreetakoa (gorri-zuri-urdina) dute gehienek, eta zuri-berdea besteek.

Atotxa zaharra baino txikiagoa da estadioa; hogei milatik behera izango gara partidua ikusten.

Ingalaterran jokatuko den Eurokoparako sailkapen faseko norgehiagoka da: Letoniak ez du sailkatzeko aukerarik, eta Ipar Irlandak zaila du oso.

Irabazi egin behar gaur, derrigorrez.

Hego Irlandako selekzioak, talde berean, aurrea hartu zion sailkapenean Windsor Parkeko norgehiagokan 1-4 irabazi ondoren.

Belfasteko katolikoen pozerako.

Ohartarazi ninduten giro unionista topatuko nuela hemen, eta bandera britainiarzaleak baino ez ikusteak ez nau harritu.

Letoniako ereserkia zutik eta errespetuz entzun ostean Ipar Irlandako taldearenarekin hasi direnean, ordea, jo eta ma geratu naiz.

God Save The Queen!

Harmailak lepo daude, eta zale guztiak kantari ari dira, eztarria urratu beharrean.

Lehen estrofa bukatu dute eta, bigarrena hasi aurreko tartean, oihu bat entzun da gure harmailan, denok entzuteko moduan:

- Errendiziorik ez! unionisten gerra oihua.

Deiadarra errepikatu egin da estrofa tarte guztietan, eta ulertu ez ditudan slogan mordoska bat entzun ditut hainbat bazterretatik, ereserkia bukatu ahala.

Txaloak gero, eta hasi da partidua.

Giroa ikustera etorri naiz futbolera, hoztasunez; baina Letoniazale amorratu bilakatu naiz bat-batean, bandera britainiarrek inguratuta naukatelako erreakzioz.

Irabazteko esperantzarik gabe, galtzen ohituta baikaude Letoniaren jarraitzaileok.

Bakarra izango naiz gainera estadio osoan.

Lehenengo zatiaren bukaeran sartu dute gola unionistek.